“Euskararen etxea, plazara” erakusketaren inaugurazio ekitaldia BAMen

“Euskararen Etxea, plazara” erakusketa ibiltariari ongi etorria egin diote BAMen irekiera ekitaldi xume baina esanguratsu baten bidez Eskolako irakasle eta ikasleek.
Ekitaldian izan dira Isaak Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Iurdana Akasuso, Euskararen Etxeko zuzendaria; eta BAMeko zuzendaria. BAMeko zuzendariak ekitaldia aurkeztu ondoren nabarmendu duenez, ez da kasualitatea ekitaldi hau 2025-2026 ikasturte hasieran ospatzea, izan ere, 2025ean jarri baita martxan Iparrorratza 2025-2030 Plan Estrategikoa. Zuzendariaren esanetan, plan horren barruan lehentasun estrategiko nagusietako bat da euskararen eta euskal kulturaren transmisioa indartzea irakasleen prestakuntzan zehar, etorkizuneko irakasleak eragile aktibo izan daitezen ikastetxeetan, bai gaitasunen aldetik bai jarreren aldetik.
Era berean, azpimarratu du erakusketa honek aukera paregabea eskainiko duela gelan bertan ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintza eta hausnarketa sustatzeko euskararen historiaren zein euskara eta euskal kulturaren transmisioaren inguruan. Amaitzeko 75 urteko ibilbidean BAMek erakutsi duen euskararen eta euskal kulturaren aldeko konpromiso sendoa nabarmendu du.
Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Isaak Amezagak, hartu du hitza, eta Euskararen etxeak herritarrei ateak zabaldu eta eurengana hurbiltzeko egiten duen ahalegina aipatu du, eta erakusketaren lagin honek euskara eta euskal kulturaren ezagupen eta zabalkundeari egiten dion ekarpena azpimarratu du. Era berean, euskara belaunaldien arteko, herrien arteko eta gure kultura maite eta errespetatzen dutenen arteko hari gidaria dugula adierazi du, elkartu, konektatu eta aberastu egiten gaituela nabarmenduz, eta irakasle eskola honetan antolatu izana baloratu du.
Azkenik, Iurdana Akasusok, Euskararen etxeko zuzendariak, erakusketa aurkeztu eta gidatu du BAMeko ikasle, irakasle eta bisitatu duten guztientzat; bisitarien artean erakusketa ikustera bertaratu dira Igone Etxebarria, Labayru Fundazioko zuzendaria, eta Anabella Barroso, Eliz Artxiboko zuzendaria izan dira, besteak beste.
Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta egindakoa. Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribek eta Patxi Baztarrikak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua.